XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

4.4. Burdinolen goraldi eta beherakada.

Ez dakigu noiz hasi ziren legazpiar olak burdina lantzen.

XIII. mendean entzute handia zuten.

Gipuzkoako burdingintzan Oihartzun izango zen aurreratuena baina Legazpi, Oñati, Arrasate eta Lenitz haraneko olak oso ezagunak ziren.

Burdinolatarako Araudiak babesten zituen, horrela ola berriak eraikitzeko, egur eta ikatzez hornitzeko, burdin salerosketarako....

Geure burdinolen goraldia XIII-XVIII. mendeen artean lekutzen da.

Landuriko gaiak, penintsula, Europa eta mundu guztirat bideratzen ziren.

XIV eta XV. mendetan zehar euskal burdinak lehen lekuak lortzen ditu mundu osoan.

Donato Arrindak dioenez, Legazpin kategoriko burdina lantzen zen eta Castilla, Portugal, Ingalaterra, Flandes, Italia, Afrika eta Amerikan saltzen zen.

Burdina gurdiz eraman ohi zen Zestoako Beduan zegoen saltokira.

Han pisatu eta zegozkion zergak ordaindu ondoren bere helbidera hel zedin ontziratzen zen.

Beste bide bat, Gaztelarantz, San Adrianeko harzulotik barrena abiatzen zen.

XVIII. mendean zehar eta batipat bukaeraldera hemengo burdingintza atzerriko elkar-lehiaketagatik (Suecia batez ere) eta gure atzerapen teknikoagatik atzerantz doa.

Praktikan XIX. mendean desagertzen da.

Hona hemen beherakada honen prozeduraren zenbait datu: Legazpik 1533. urtean 20 burdinola nagusi ditu; 8 bakarrik 1608.ean 5, 1777.ean; 4, 1802.ean eta azkenak, Bengolea, 1880. urterarte gutti gora behera lanean iraun zuen.

Azkenik itzali eta hertsi ziren bost burdinolak hauk izan ziren: Olazaharra, Mirandaola, Olaberria, Bikuña eta Bengolea.

Meatza Zerain eta Mutiloatik zekarten; ikatza, ordea, herri bertako menditatik, zenbaitetan inguruko herrietara eta Arabarantz ere jotzen zuten egurrikatz bila.